HAZILAN laneratzeko programak 7 urte arrakastatsu eta 2.142 parte-hartzaile izan ditu

2023/05/12

GARAPEN Garapen Agentzien Euskal Elkarteak eta tokiko hogei bat garapen agentziek kudeatzen dute HAZILAN proiektua. Programak Euskal Herriko gazte eta enpresen eskaerei erantzuten die, laneratzen laguntzeko eta garapen ekonomikoa sustatzeko tresna gisa.

HAZILAN programak 2016an eman zituen lehen urratsak. Garai hartan, krisi ekonomikoak gogor zigortzen zituen lan-merkatuan sartu nahi zuten gazteak, nahiz eta ikasketa kualifikatuak izan. LANBIDEren datuen arabera, 2014an EAEn langabeen %22,8a 25 eta 35 urte bitarteko gazteak ziren.

Zazpi urteko ibilbidea eta gero, eta 1.500 gazte baino gehiago laneratuta, Eli Urbietak, GARAPEN elkarteko kudeatzaileak, urte hauetan egindako ibilbidearen balantzea egin du gaurko programaren itxiera-egunean Zumaian: HAZILAN programak gazte kualifikatuak laneratzeko lankidetzan esku hartzeko eredu arrakastatsua dela erakutsi du. Programa Euskal Herriko agentzietan finkatu da eta datozen 7 urteetan ere inplementatzen jarraituko da HAZILAN+ programaren bidez”.

Ekitaldian Juan Alberdi ere egon zen, Eusko Jaurlaritzako Kohesio Politikako eta Europako Funtsetako zuzendaria, eta garapen agentzien lanaren balioa nabarmendu zuen: “Azpimarratu eta eskertu nahi dut agentziek duten zeregin garrantzitsua, garapen ekonomikoa sustatzeko politika publikoak kalean bertan ezartzea erraztuz eta Euskadiko eta Europako erakundeen arteko lankidetza ahalik eta ondoen aprobetxatzen dela bermatuz. Gaur hemen bildu gaituen eta bere osotasunean ezagutzeko aukera izan dugun HAZILAN proiektua horren adibide ona da “.

HAZILAN programak 4 faseko ibilbidea proposatzen du:

  • Aktibatu, ibilbidearen hasiera. Parte-hartzaileen konpetentzia eta gaitasun pertsonalak eta profesional lantzeko prestakuntza pertsonalizatua.
  • Kokatu: Enpresetan ikasteko egonaldiak.
  • Lanekin: Kontratazio-beharrak dituzten lanpostu eta enpresetan espezializatutako prestakuntza.
  • Talentu Ihesa: Prestakuntza teknikoa eta proiektu berrien garapena jarduera berrien garapenean interesa duten enpresetan. Besteak beste, komunikazio, hezkuntza-coaching, ekoizpen mekaniko aurreratu eta gaitasun komertzial gaiekin lotuta.

 

Lorpenak

EAEko 20 eta 44 urte bitarteko 2.142 gazte kualifikatuk HAZILANen laneratzeko gaitasun pertsonalak eta profesionalak garatzeko zerbitzuak baliatu dituzte: orientazioa eta mentoring-a, ikasteko egonaldiak enpresetan, prestakuntza espezializatua eta prestakuntza teknikoa.

Parte-hartzaileen %74k laneratzea lortu du. Oribay taldeko I+G saileko Alejandra Guzman-ek bere esperientziaren balioa nabarmendu du: “Lana bilatzeko tresna berriak eskuratu ditugu eta gure helburu profesionalera bideratu gara, emaitza onak lortuz. HAZILAN programaren barruan, gure etorkizun profesionalera hobeto bideratzeko aholkuak eman dizkigute, ordura arte ezagutzen ez genituen lan-ikuspegi berrietara irekiz”.

Programaren hasierako helburuetako bat emakumeen lan-egoera hobetzea zen, izan ere, 2016an hamar langabetik sei emakumeak ziren. HAZILANeko parte-hartzaileen %63 emakumeak izan dira. Programaren lorpenen artean, nabarmentzekoa da HAZILAN programari esker laneratutako pertsonen %85 langabeak zirela eta %8 atzerritarrak.