Garapen Agentzien Euskal Elkarteak bere XXX. urteurrena ospatzen du

2022/11/22

Atzo azaroak 21 astelehena, Eibarko Koliseoan, Garapen Agentzien Euskal Elkartea den GARAPENek, bere XXX. urteurrena ospatu zuen.  Bertan, agentzietako arduradun politiko eta teknikariak eta erakunde laguntzaileetako 100 arduradun inguru bildu ziren.

Ekitaldiaren hasiera Eibarko alkate Jon Iraolak egin zuen eta ospakizunean, elkarteko presidente Fernando Nebredak GARAPENen 30 urteko bizitzaren eta urte hauetan sareak izandako bilakaeraren errepaso historikoa egin zuen.

Miren Larrea Orkestrako ikertzaile seniorrak, tokiko garapenaren gaineko bere begirada estrategikoari helduta, 30 urte barru gure lurraldea nolakoa izango den irudikatzeko beharra planteatu zuen, eransteaz batera orain arte izan dugun funtzionatzeko modua ez dela baliagarria aurrera begirako arazoak konpontzeko. Tokiko garapen-agentziak gune oso aproposak dira etorkizun hori marrazten hasteko, aukerak bisualizatzeko eta erabakiak hartzen laguntzeko.

Tokiko garapenaren lidergo partekatuari buruzko mahai-inguruan, Bartzelonako Metropoli Plan Estrategikoaren koordinatzaile Oriol Estelak moderatuta, honako lagun hauek partu hartu zuten: Alfonso Gurpegui, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarteratze Sailburuordea; Cristina Calvar, Arabako Foru Aldundiko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko eta Foru Administrazioko Foru Diputatua; Ainara Basurko, Bizkaiko Foru Aldundiko Ekonomiaren Sustapenerako Foru Diputatua; Angela Eguia, Gordexolako alkatea eta EUDELeko batzorde exekutiboko kidea; eta Gilen Garcia, Debako alkatea eta Debegesako presidentea.

Mahaiak azpimarratu zuen gobernantza partekatuaren beharra dagoela etorkizuneko erronkei aurre egiteko, alegia, klima-aldaketari erronka demografikoari, talentuari… Garapen-agentzien zeregina ere nabarmendu zuen, haien hurbiltasuna eta kapilaritatea azpimarratuz. “Zuok zaudete kalean, zuok dakizue eskualdeko enpresa bakoitzari zer gertatzen zaion, zuok ezagutzen duzue lurraldea” adierazi zuen Basurkok.

Markel Olano Gipuzkoako Ahaldun Nagusiak eman zion amaiera ekitaldiari. “Duela urte batzuk, gobernantzaz mintzatzen nintzenean, inork ez zidan ulertzen. Orain, ordea, termino oso hedatua da. Garapen-agentziok funtsezko eragilea izan zarete, eta zarete, prozesu honetan”.