Euskadiko garapen agentzien hiru ekimen REDEL-ek merkataritzari buruz antolatutako zikloan

2024/03/18

Lokal hutsak gero eta ohikoagoak dira gure udalerri eta hirietako kaleetan. Alokairuen prezioen igoerak, kontsumitzaileen ohituren aldaketek eta online erosketek, besteak beste, krisi bat eragin dute tokiko merkataritzan. Euskadiko garapen-agentziak, tokiko merkataritzak auzoen eta barrutien garapen ekonomikoan duen garrantziaz jabetuta, hainbat ekimenetan ari dira lanean, tokiko merkataritza eta merkataritza horren iraunkortasuna bultzatzeko.

Ekimen horietako hiru, ‘Lokal hutsak aktibatzea’, Bilbao Ekintzak bultzatua, eta ‘Enkarguk’ eta ‘Nire’, hainbat eragilek Azpeitian proiektu pilotu gisa abian jarriak, martxoaren 13an aurkeztu ziren REDEL-ek antolatutako merkataritza-sektoreari buruzko webinars zikloan.

‘Lokal hutsak aktibatzea’ proiektua Bizkaiko hiriburuko lokal hutsak detektatzeko azterlan bat egin ondoren sortu zen, eta beste ekimen edo dirulaguntza batzuekin batera, hutsik dauden lokalak aktibatzeko erronkari erantzun integrala emango dion tresna izan nahi du. Iraunkortasun-balioak eta ardatz bakoitzaren merkataritza-aniztasuna errespetatzen dituzten kalitatezko negozioak lokal horietan kokatzea du helburu.

Enkarguk’ eta ‘Nire’ ekimenak Dendartean (Gipuzkoako Merkatarien Elkarteen Elkartea), Bertan (Azpeitiko Merkatarien Elkartea), Urkome (Landa Garapenerako Agentzia) eta Azpeitiko Udalak Iraurgi Berritzen eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin bultzatzen dituzte. Ekimen horien helburua da, batetik, tokiko saltokietan erosketak egitea erraztea, eta, bestetik, saltokiei beren establezimenduetan salmentak handitzeko aukera eskaintzea. ‘Enkarguk’-ek tokiko saltokietan erosketak Whatsapp bidez egiteko eta etxean, leihatila adimendun batean edo dendan bertan jasotzeko aukera eskaitnzen du. Ekimen hori ‘Nire’ plataformarekin osatzen da, saltokien sare soziala, non saltzaileek beren produktuak, eskaintzak, udalerriko ekitaldi interesgarriak eta informazio interesgarria iragartzen dituzten.

Horrelako ekimenek erakusten dute eragile publiko-pribatuen arteko lankidetza funtsezkoa dela euskal udalerrietako kaleek saltoki irekiak eta kale biziak izan ditzaten.