Euskadi eta Kubaren arteko lankidetzak aurrerapauso bat eman du Habanako Herri Boterearen Gobernu Probintzialaren eta GARAPENen, Garapen Agentzien Euskal Elkartearen, arteko hitzarmen bat sinatuz. Tecnaliak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak sustatutako “Kuba-Euskadi berrikuntza-ekosistemak konektatzen” proiektuaren barruan sartzen da hitzarmena, eta Kubako tokiko garapenaren kudeaketarako gaitasunak indartzea du helburu, ezagutza, esperientziak eta metodologiak trukatuz.
GARAPENek proiektuaren garapenean emandako tailerren emaitza da hitzarmena, eta lankidetza-esparru bat ezartzen du ibilbide-orri komun batean aurrera egiteko, bi lurraldeetarako estrategikoak diren ekintza-lerroei batera helduz.
Egun hauetan, Anselmo Breto, Habanako Lurralde Garapeneko zuzendaria, eta Jorge Núñez, Habanako Unibertsitateko irakasle eta Berrikuntza Kontseilu Nazionaleko lehendakariaren aholkularia, Oarsoaldea eskualdean daude bisitan. Haien egonaldiari esker, gertutik ezagutu ahal izan dute lurralde-garapenerako euskal eredua eta eskualdeko agentziek nahiz GARAPENek erreferentzia-sare gisa egiten duten lana.
GARAPENek eta Iberoamerikako Munizipalisten Batasunak (UIM) berriki antolatu duten Euskal Herrirako Nazioarteko Misio Teknikoaren parte da bisita, Lurralde Garapena Sustatzen duten Agentzien eta Erakundeen III. Iberoamerikako Topaketaren barruan.
Kubako ordezkarien artean interes gehien sortu duen alderdietako bat da berrikuntza-politikak lurraldeka banatzea eta garapen-agentziek toki-mailako berrikuntza-prozesuetan duten zeregin bideratzailea.
Hitzarmen honek lurralde garapen eredu jasangarri, inklusibo eta berritzaileak bultzatuko dituzten nazioarteko aliantzak josteko borondate partekatua indartzen du.