Bi proiektu horiek 7.090.948 euroko aurrekontua dute, eta Euskadiko EGF+ 2021-2027 programaren baitan daude. Eskualdeko garapenerako 17 agentziak parte hartuko dute, eta 2.500 pertsona baino gehiagoren enplegagarritasuna hobetzea espero dute. HAZILAN+ eta EnpleGU Europako Gizarte Funtsak % 40an finantzatzen ditu.
HAZILAN+
HAZILAN+ laneratzeko proiektu bat da, langabezian dauden pertsona kualifikatuei zuzendua (unibertsitateko titulazioa edo LHko goi-mailako zikloa), adina kontuan hartu gabe. Prestakuntza izan arren, kolektibo horrek zailtasun bereziak ditu lan-merkatuan sartzeko, bai esperientzia ezagatik, batez ere berriki amaitutako ikasketak dituzten pertsonen kasuan, edota bai gaur egun enpresek eskatzen dituzten zeharkako gaitasun eta trebetasunik ezagatik. Programak arreta berezia jartzen du, halaber, geldialdi baten ondoren lan-merkatura itzuli nahi duten emakumeengan, kasu gehienetan zainketa lanetan egon direlako.
HAZILAN+ programaren helburu nagusia pertsona horien enplegagarritasuna eta laneratzea hobetzea da, bakoitzaren premien eta ezaugarrien araberako laguntza pertsonalizatuaren bidez. Horretarako, bi ibilbide zehaztu dira: Osatu (taldekakoa) eta Lorpen (banakakoa).
HAZILAN+ enpresak 2.102.450 euroko aurrekontua du, eta gutxienez 1.400 pertsonarekin lan egitea aurreikusi du. Parte-hartzaileek egonaldiak egin ahal izango dituzte enpresetan, beren lanbide-profilaren arabera eta gero kontratatuak izan daitezke.
Enpresek gaur egun dituzten erronkei aurre egiteko helburua du programak. Ildo horretan, ekintza espezifikoak definitu dira talentua itzultzeko, enpresak deskarbonizatzeko eta zainketen sektoreari lotutako profil profesional berriak balioan jartzeko.
“Jendeak HAZILAN ezagutzen zuen aurreko programagatik, eta HAZILAN+ programak parte-hartzaileentzako adin-mugarik ez duenez, are erakargarriagoa da. Ikusten ari gara parte hartzen duten pertsonen batez besteko adina nahiko altua dela, beraz, adin-muga kentzea beharrezkoa zen”, adierazi du Elisabet Urbieta Garapeneko gerenteak.
EnpleGU
EnpleGUk prestakuntza baxua duten eta egoera zaurgarrian dauden pertsonei laguntza pertsonalizatua eta integrala eskaintzen die. Pertsona horiek esparru publikoan eta lan-merkatuan sar daitezen sustatzea du helburu, prestakuntza-esperientzia motibatzailea, inspiratzailea eta orientatzailea eskainiz.
Proiektu honen elementu bereizleak ibilbideak identifikatzea eta indibidualizatzea dira, pertsona bakoitzaren enplegagarritasun-mailaren arabera, proiektuaren onurak eta emaitzak hoberenak lortzeko.
Hiru ibilbide aurreikusi dira:
- HURBILKETA: tailer erdi-produktiboak lana eta gizarteratzea ahalduntzeko jarduerak.
- PRESTATU: prestakuntza tekniko kualifikatzaileak eta egonaldiak enpresetan.
- W: lan-baimena erregularizatu aurreko administrazio-egoeran dauden etorkinentzako prestakuntza praktikoa enpresan.
Hiru ibilbide horiek honako hauek ahalbidetuko dituzte: pertsonen gizarteratzea eta partaidetza sustatzea, haien gaitasun profesionala eta gaitasun pertsonalak hobetzea, zaurgarritasun egoeran dauden pertsonen gaitasun-maila handitzea eta etorkinei migrazio-proiektua berreraikitzen eta herritartasun aktiboa gauzatzen laguntzea, besteak beste.
4.988.498 euroko aurrekontuarekin, EnpleGUk 1.473 pertsonaren enplegagarritasuna eta laneratzea hobetuko ditu.
Sarean kudeatutako proiektu bat
Garapenek Euskal Autonomia Erkidegoko 3 lurralde historikoetan banatutako 34 garapen-agentzia biltzen ditu. Garapen osatzen duten agentziek 189 udalerriri eskaintzen dizkiete zerbitzuak, eta horien biztanleria 2.025.393 biztanlekoa da, Euskadiko biztanleria osoaren % 91, eta gaur egun honako jarduera-eremu hauetan egiten du lan: enplegua, ekintzailetza, enpresa, merkataritzaren sustapena, turismoaren sustapena eta estrategikoak diren sektoreen sustapena.
Hauek dira Garapenekin batera HAZILAN+ eta EnpleGU programan parte hartzen duten agentziak: Amurrio Bidean, Erandioko Udala, Iraurgi Berritzen, Leioako Udala, Goieki, Laudioko Udala, Beterri-Buruntza Mankomunitatea, Bidasoa Activa, Uggasa, Debegesa, Oarsoaldea, Urola Kostako Udal Elkartea, Debagoienako Mankomunitatea, Mungialdeko Behargintza, Tolosaldea Garatzen, EGAZ Txorierri, Lanbide Ekimenak eta Bermeoko Udala – Behargintza.
Informazio gehiago:
https://hazilanplus.garapen.net/
https://enplegu.garapen.net/