Garapen Agentzia bateko teknikaria zara? Badakizu hizkuntzen kudeaketak enpresen lehiakortasunean eragiten duela?

2023/05/08

Garapen agentziak, eguneroko lanean, enpresen kudeaketa, lehiakortasuna eta produktibitatea egungo merkatuak eta gizarteak eskatzen duten mailan egoteko jarduten zarete. Horregatik, egitasmo berri batean parte hartzera gonbidatu nahi zaitugu.

Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak, Garapen Elkartearekin elkarlanean, egitasmo bat abian jarri du enpresa eta ekintzailetza alorreko teknikariak, hizkuntza kudeaketak eta bereziki, euskararen kudeaketak, enpresen lehiakortasunean duen eragin positiboaz jabetzeko eta aldagai hori euren lanean txerta dezaten lortzeko.

2020-2023 aldiko Euskara eremu sozioekonomikoan sustatzeko plana begien aurrean izanik, garapen agentziak eragile gako zarete enpresak hizkuntzen kudeaketa egokiaren garrantziaz ohartarazteko orduan. Enpresek beren eginkizunak ahalik eta modurik eraginkorrenean bete ditzaten, eta berrikuntza-paradigmaren baitan, kudeaketa sistemetan hizkuntzen kudeaketa integratu dezaten sustatzea da helburua.

Egitasmoak bi fase izango ditu:

Lehenengo fasean, hizkuntzen kudeaketa egokiak enpresaren lehiakortasunean eta negozioan izan dezakeen eraginaren inguruko oinarrizko prestakuntza eskainiko zaie garapen agentzia guztietako ekintzailetzako eta enpresa alorreko nahi duten teknikari guztiei. Hiru saio antolatuko dira:

  • ZARAUTZ, maiatzak 16, 9:30-11:30.
  • EIBAR, maiatzak 23, 9:30-11:30.
  • BOROA, maiatzak 25, 9:30-11:30.

Bigarren fasean, 5 garapen agentziatan trebakuntza zehatzagoa emanez, metodologia eta diskurtsoa garatuko dira eta lehen inplementazio probak egingo dira 2023ko abendura bitartean.

Egitasmoaren lehenengo fasean parte hartzera gonbidatzen zaitugu, formazio saioan formulario honen bidez izena emanez.