Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

Zu zaude: 

  1. Berriak

Berriak

Silver Economy, COVID-19 osteko aukerak: Zer topatu dugu? Zer ikasi dugu?

separador
2020-06-18
Guztira, 54 profesionalek hartu zuten parte online mintegi honetan, denak ere enpresetako edo garapen-agentzietako kideak edo udaletako ordezkariak, xedea izanik zilarrezko ekonomiaren esparruan nazioartean sortzen ari diren joerez mintzatzea, betiere COVID-19k eragindako egungo egoera eta epe ertainera etorriko dena aintzat hartuta.

Aurkezpenean, Plataforma50-Hacking Longevityk nabarmendu zuen pandemia katalizatzailea izaten ari dela, oraindik ziurgabetasuna nagusi izan arren; izan ere, Silver Economyko aukerak indartu eta bizitza-luzeraren merkatuetako agendetan lehendik ere bazeuden ekimen zein jarduketak bizkortu egin ditu. Zentzu honetan, Plataforma50-Hacking Longevityren ustetan, zilarrezko ekonomiak digitalizazioaren bidean sakonduko du, inklusiboagoa izan beharko duen digitalizazioarenean, bai eta berrikuntzaren bidean ere. Hala, besteak beste, arlo hauek aipatu zituen: teleosasuna, etxez etxeko banaketa, harreman pertsonalak, bizitza-luzerako aseguruak, zainketak, egoitzak eta etxe-formatu berriak (cohousing, kasu), mugikortasuna eta hileta-zerbitzuak.

Hainbat adibideren bidez, pandemiak mesede egin dien joeren berri eman zuten, eta azpimarratu zuten oso garrantzitsua dela silver economyra bideraturiko enpresek epealdi hau azterketa estrategikoa egiteko baliatzea, batez ere ETE-ek eta mikroETE-ek, haiek izango baitute zailtasun gehien egoera honetatik onik ateratzeko. Gero eta garrantzizkoagoa da inguruan zer gertatzen ari den behatzea eta egungo bezero seniorraren eskaeren arabera egokitzea nahiz bilakatzea.

Online saioan, behin baino gehiagotan nabarmendu zen zer-nolako garrantzia hartu duen tokikoak, bere indargune eta aukerekin, zilarrezko ekonomiarako. Gertukoari balio handiagoa ematen zaio. Ingurune hurbilak garrantzitsuagoak bihurtu dira, konfiantzazko gune seguru gisa. Bada, hori guztia ekintzailetza-ekimenak sustatzeko baliatu beharko litzateke, zeinak, zalantzarik gabe, lankidetzaren bitartez sendotu beharko diren, eta elkarlan horri errazago helduko zaio gertutasunetik.

Aldi berean, toki-mailako hirigintzarekiko ikuspegi kritikoa sortu da, hiriak eta herriak bizitza-luzera berriaren erronketarako prest ote dauden kolokan jartzen duena. 15 minutuen hiriaren kontzeptua aipatu zen: hiri iraunkorragoa, adineko biztanleriaren beharrak erraz egiteko moduko distantzian asetzeko gai.

Online mintegia Silver Bizkaia Elkarlanean proiektuaren barruan antolatu zen. Haren helburua da Bizkaiko enpresen lehiakortasuna hobetzea, ideia, produktu eta zerbitzu berriak antzemanez eta sustatuz, horretarako enpresak eta ekintzaileak zilarrezko ekonomiaren arloan lankidetzan jarrita. Bizkaiko Foru Aldundiarekin batera finantzatuta dago, Lankidetzan Berrikuntza sustatzeko Elkarlanean 2019 programaren barruan.

GARAPEN Garapen Agentzien Euskal Elkarteak koordinatzen du proiektua, non 6 garapen-agentziak parte hartzen duten: Bermeoko Udala, Erandioko Udala, Getxoko Udala, Behargintza Basauri Etxebarri, Barakaldoko Udala-Inguralde eta Gernika Lanbide Ekimenak.
 

© 2020 GARAPEN • Parque Empresarial Boroa, 19 - Módulo O16, 48340 Amorebieta-Etxano (Vizcaya) - Tlf.: 944 24 32 23 - Fax: 944 24 80 02 • garapen@garapen.net • CIF: G-20227203 • pribatutasuna