Eduki nagusira joa

Nabigazio-menura joan

Hizkuntza aukera

Zu zaude: 

  1. Berriak

Berriak

Latinoamerikako eta Bizkaiko 50etik gora ETEk nazioartekotzeko misio bati ekin diote

separador
2017-03-28
Nazioartekotzeko prozesuak bultzatu, ezagutzak elkartrukatu eta negozio-aukerak bilatzeko asmoz, Garapenek (Garapen Agentzien Euskal Elkartea), Bizkaiko lau garapen-agentziarekin elkarlanean, alderantzizko misioa eta misio zuzena antolatu ditu Latinoamerikako eta Bizkaiko enpresen artean merkataritza sustatzeko. Misio horiek Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Ekonomi Sustapen Sailaren diru-laguntza jaso dute, eta horien antolaketaz Outlan Group arduratzen da.

Bost eguneko (2017ko martxoaren 27tik 31ra) agenda mamitsu baten eskutik, bederatzi enpresa, hain zuzen ere, Muga Hirukoitzean (Argentina, Brasil eta Paraguai) –Amerikan garapenik handiena duen eskualdeetako bat– eta Mexikoko San Luis Potosí estatuan –erreferentziako industria-eskualdea, industri ehun nabarmena eta automobilgintzako enpresa gailenak dituena– jatorria dutenak, Bizkaiko (Lea Artibaiko, Meatzaldeko, Mungialdeko eta Txorierriko) 44 enpresekin elkartuko dira.

“COME ON Bizkaia! 2 misiones, 2 acciones” goiburuarekin, misio bien eskutik, jarduera frenetikoko aste betean 70etik gora merkataritza-bisitaldi izango dira, hainbat sektoreren inguruan: metalurgia, elektrizitatea, eraikuntza, azpiegiturak, garraioak, automobilgintza, aeronautika, osasungintza edo ingurumena, besteak beste.

Misio gogotsu horren atariko gisa, Bilboko Portua, Bizkaiko Teknologia Parkea eta Bizkaiko Foru Aldundia bisitatuko dituzte. Foru Aldundian, Kanpo Ekintzako zuzendari nagusi Koldo Atxutegik egingo die harrera bisitariei. Hiru leku horiek bisitatu ondoren, misioa dibertsifikatu egingo da, enpresa bisitarien eta hartzaileen interesen arabera. 

“COME ON Bizkaia! 2 misiones, 2 acciones” proiektua, Bizkaiko Foru Aldundiak nazioarteko partzuergoak sustatzeko programan kokatzen da, eta Garapenen Nazioartekotzeko Estrategia, 2013an onetsi zena, du euskarri. Estrategia horren helburu nagusiak hauek dira: lankidetza bultzatzea, toki-garapen kontuetan beste lurralde batzuekin harremanak sortzea eta euskal enpresen nazioartekotzea sustatzea.

Eta berariazko helburuak, hauek: Amerika kontinenteko nazioarteko merkatu berrietara sartu ahal izatea; nazioartekotzeko prozesuen ondorio diren kostuak murriztea; hiru herrialdeen arteko sinergiak, osagarritasunak eta gaitasunak aprobetxatzea; negozio-aukera berriak sortuz, enpresen lehia-posizioa hobetzea, eta, merkataritza-akordio posibleak sortu nahi dituzten enpresak kanporatzea.
 

© 2017 GARAPEN • Parque Empresarial Boroa, 19 - Módulo O16, 48340 Amorebieta-Etxano (Vizcaya) - Tlf.: 944 24 32 23 - Fax: 944 24 80 02 • garapen@garapen.net • CIF: G-20227203 • pribatutasuna